Informazio zehatza
![](/documents/20126/41070/intro-eventos-noticias-NOT.jpg/692b71c9-35fa-5de4-755f-cf3e5ab4fb09)
Fagor Ederlan eta aukera-berdintasunarekiko konpromisoa
![](/documents/34209/304236/Studio_Project+%282%29_1+%281%29.png/8944c910-b08e-1067-93d9-fb75dbf4de18?t=1678281557817)
2023ko Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Fagor Ederlanek berretsi egin nahi du gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunarekiko konpromisoa, funtsezko faktorea baita lan-ingurunea eta gizarte bidezkoagoa eraikitzeko.
Fagor Ederlanek genero-berdintasunarekin duen inplikazioa oso lotuta dago bere kooperatiba-nortasunarekin. Gure ustez, aniztasuna errespetatzea ezinbestekoa da gure enpresa ekitatiboagoa, berritzaileagoa eta lehiakorragoa izan dadin. Horregatik, proposatzen dugun lan-ingurunean pertsona guztiek beren potentziala ahalik eta gehien gara dezakete, eta beren posiziotik eta proposamenetik kooperatibaren arrakastan lagundu.
Aukera-berdintasuna automobilgintzan
Automobilgintza eta genero-berdintasuna
Automobilgintzaren industria, tradizioz, maskulinoa izan da bere eremu guztietan (fabrikazioa, kontzesionarioak edo publizitatea). Hala ere, sektoreak eta gizarteak aurrera egin ahala, emakumeen presentzia ere handitu egin da industria horretan. Fagor Ederlanen harro gaude bilakaera horren parte izateaz eta aniztasuna eta inklusioa gure DNAren parte gisa sustatzeaz.
Badakigu oraindik ere oztopoak daudela emakumeentzat sektore honetan, eta oztopo horiei aurre egin nahi diegu, pertsona guztiei garapen profesionalerako aukera berdinak eskainiz. Bilakaera horren ondorioz, esan dezakegu gure enpresako gobernu-organo gorenak, Kontseilu Errektoreak, % 58ko ordezkaritza femeninoa duela, eta, ondoren, % 38ko ordezkaritza gure zuzendaritza-kontseiluetan.
Aldaketa ebolutibo eta positibo hori bultzatzen jarraitu behar dugu; izan ere, nahiz eta Fagor Ederlanen emakumeen presentzia gero eta nabariagoa izan tradizionalki maskulinizatutako arloetan, hala nola arlo teknikoetan eta produkziokoetan, oraindik ere gure plantilla osoaren % 19 osatzen dute (ordainsari eta lan-modalitate berdinarekin bi sexuen artean).
Emakumeek automobilgintzan eta industrian dituzten erronkak
Sektorean emakume-eredurik ez egoteak zaildu egiten du emakumeak sektore horretan duten garapen profesionalean inspiratu eta gida ditzaketen erreferenteak eta mentoreak eskuratzea. Fagor Ederlanen uste dugu oso garrantzitsua dela aurrerapenak ikusaraztea eta emakumeek alor horretan izandako lorpenen berri ematea.
Horregatik, aurten, bilakaera horren protagonistetako batzuk gonbidatu nahi izan ditugu.
Judith, Esperanza, Virginia eta Itsaso
Fagor Ederlan familian prozesu honen benetako protagonistak emakumeak dira. Gure lankide batzuk beren iritziak partekatzera animatu dira, eta genero-berdintasunari buruzko ikuspegia eman digute.
Judith Muruamendiaraz- Ingeniaritzako zuzendaria. Aluminio-negozioa
Fagor Ederlanek 60 urte bete ditu aurten. Hasieran, emakumearen presentzia oso kontzentratuta zegoen administrazio- eta langile-arloetan. 90eko hamarkadaren amaieran hasi ginen emakumeak sartzen arlo teknikoetan, bai kalitatekoetan, bai ingeniaritzakoetan, eta, batez ere, ekoizpen-eremuko mekanizazio-plantetan eta galdategietako lanpostu zehatz batzuetan.
Ordutik, emakumeak gure presentzia organikoki handitzen joan gara kudeaketa- eta zuzendaritza-arlo ezberdinetara, baina nire ikuspuntutik poliki-poliki. 30 urte geroago, emakumeak Fagor Ederlanen % 20 baino ez gara. Zuzendaritza- eta gizarte-organoetako presentziari dagokionez, Kontseilu Errektorean % 58 ordezkatzen dugu eta Gizarte Kontseiluan % 21.
Zuzendaritza nagusian, berriz, % 18. Berdintasuna % 50ean dagoela uste badugu, oraindik urrun gaude. Etorkizunari begira, positibotzat jotzen dut abian jarri den berdintasun-plana; jarduera-ildoak zehazten ditu, eta berdintasunera iristeko eman beharko genituzkeen urratsak jorratzen ditu.
Nire ustez, plan hau denboran kokatzea ere positiboa da, eta, beraz, hedapen organikotik ez-organikora joango ginateke. Horrek eraldaketa bizkortzen lagundu beharko luke.
Esperanza Herruzo. Tresnen mantentze-lanetako profesionala - Mekanizazio-instalazioa Bergaran
Nik esango nuke emakumeen bilakaera handia izan dela, bai tailerreko postuetan, bai aginteko postuetan. Hala ere, sail batzuk oraindik maskulinizatuta daude. Eta hori litzateke kooperatibari egiten diogun eskaera: baliabideak jar ditzala plantillan emakumeen presentzia handiagoa ziurtatzeko.
Virginia González. Fagor Ederlaneko errektorea, Ingurumen Saileko arduraduna - Bulego Nagusiak
Fagor Ederlaneko emakumeak, gizartean oro har bezala, aniztasunera bideratutako errealitate batera garamatza. Aniztasun-egoera hori behar-beharrezkoa iruditzen zait berdintasunerako ibilbide-orriaren barruan, nire ustez aniztasuna baita lantaldeen indarguneetako bat.
Argi daukat emakumeok ematen dugun profila (enpatia, entzute aktiboa, intuizioa) eraldatzailea izango dela.
Itsaso Erretolaza. Industrializazio eta Saiakuntzen Modulu Aurreratuaren arduraduna – Edertek teknologia-zentroa
Gizartea eta industria-sektorea berdintasunetik urrun daude oraindik. Berdintasuna nahi badugu, izenak behar ditugu. Hau da, zuzendaritzetan, kontseilu errektoreetan edo lehendakariordetzetan emakumeen izenik ez dagoen bitartean, ez gara berdinak izango.
Izenak behar ditugu berdinak izateko. Ikusteko kopuruak zenbatu besterik ez dugu egin behar, benetan sinetsi nahi badugu. Eta horretan, kooperatibetan, teknologian edo kooperatiba-balioetan aitzindariak bagara ere, atzean geratzen ari garela uste dut, beste batzuekin alderatuta behintzat. Horregatik egin behar ditugu urratsak.
Gainera, ikusten ari gara lidergoa ere eraldatzen ari dela azkenaldian, gizartea lidergo autoritario batetik proposamenen lidergo izatera pasatzen ari dela.
Horregatik guztiagatik, garai zail hauetan, zifrak handitzeak lagundu egingo digu, aberastu egingo gaitu.
Fagor Ederlanen Berdintasun Plana
Fagor Ederlanen uste dugu aniztasuna baliotsua dela, bai ikuspegi etiko batetik, bai ikuspegi enpresarial batetik. Ingurune inklusiboa eta askotarikoa sustatzeko lan egiten dugu, kooperatiba bidezkoagoa eramateaz gain, gure jardunean eragin positiboa duen faktorea delako. Berritzeko eta gehiago (eta hobeto) hazteko aukera ematen digu.
2021ean, berdintasun-diagnostiko bat egin genuen kooperatiban, eta, diagnostiko horretatik abiatuta, gure Berdintasun Plana definitu genuen, gure jarduera guztiak gidatzen eta bideratzen dituena.