Informazio zehatza

EIBk Fagor Ederlanen berrikuntza estrategia babestu du 27 milioi eurorekin

EIBk finantzatutako inbertsio planari esker, Fagor Ederlanek I+G+B alorrean, eraldaketa digitalean eta prozesu eta produktu gero eta jasangarriagoak garatzeko dituen estrategia bultzatu ahal izango du.
Europako Inbertsio Bankuak (EIB) eta Mondragon Korporazioko kooperatiba den Fagor Ederlanek 27 milioi euroko finantzaketa hitzarmena sinatu dute, berrikuntzarako, eraldaketa digitalerako eta jasangarritasunerako ildo estrategikoak indartzeko.
Fagor Ederlan, egoitza Gipuzkoan duen kooperatiba, munduan erreferente bat da automobilgintzako osagaien fabrikazioan, esekidura, balazta, powertrain eta egiturazko osagaietarako soluzioetan espezializatuta. EIBren kredituarekin, kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen instalazioetan egingo dituen inbertsio estrategikoak finantzatuko ditu, 2021-2024 aldian.
EIBk finantzatutako inbertsioei esker, Fagor Ederlanek epe luzerako lehiakortasuna indartu ahal izango du, eta mugikortasunaren paradigma aldaketaren ondorioz automobilgintzaren industrian dauden erronka garrantzitsuei (mugikortasun iraunkorra, elektrikoa, partekatua, konektatua eta autonomoa) erantzun ahal izango die.
Sektorearen erronka handienetako bat da balio kate osoak mugikortasun eredu eta industria eredu berri horrekiko konpromisoa, deskarbonizazioko eta neutraltasuneko munduko helburuekin konprometituta dagoen eredua baita; beraz, elektrifikazioa eta prozesu eta teknologia efizienteagoak eta karbono aztarna txikiagokoak lortzeko berrikuntzak dira jarduera ildo nagusiak.
Horregatik, inbertsioen zati handi bat gero eta osagai arinagoak eta karbono aztarna txikiagokoak garatzeko lanetan zentratuko da, bai eta ibilgailu elektrikorako osagai eta sistema berrien garapenean ere. Gainera, ekoizpenerako baliabideen eta ereduen eraginkortasun handiagoa ekarriko duten fabrikazio teknologia aurreratuak eta iraunkorrak ezarriko dira.
Bestalde, EIBk enpresaren eraldaketa digitala ere bultzatuko du, eta horrek enpresaren lehiakortasuna eta enplegu kualifikatua sortzen lagunduko du, kooperatibaren funtsezko helburua baita. Fagor Ederlanek zentro teknologiko bat du, Edertek, non I+Gn soilik diharduten 60 ingeniari dauden, bai eta 400 ingeniari ere, mundu mailan dituen 17 lantegietan banatuta.
Fagor Ederlanekin egiten duen lehen operazioa izan arren, EIBk MONDRAGON Korporazioko beste sei kooperatibarekin egin du lan jada.
EIBko lehendakariordeak, Ricardo Mourinho Felix-ek, honako hau ziurtatu du: "Oso pozik gaude Fagor Ederlanen I+G+B estrategia finantzatzeko, eraldaketa digitala bultzatzeko eta ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen prozesuen erabilera sustatzeko sinatu dugun hitzarmen honekin. EIBk Espainiako automobilgintzaren sektoreko berrikuntza babesten jarraitzen du, pandemian zehar sektoreko hainbat konpainiarekin finantzatuz eta lankidetzan arituz. Operazio horrek berriro ere erakusten du EIBk konpromiso sendoa duela iraunkortasunean eta berrikuntzan oinarritutako susperraldi ekonomikoa lortzeko, bai eta enplegua sortzeko ere, EIBk Espainian dituen lehentasunezko helburuak baitira".
Fagor Ederlan Groupeko zuzendari nagusi Juan Maria Palenciak honako hau ziurtatu du: "Automobilgintzaren sektorea eraldaketa prozesuan dago, eta datozen lau urteak funtsezkoak izango dira horrek dakartzan erronkei aurre egiteko. Asko eskertzen diogu EIBri eman digun finantzaketagatik, horrek ere erakusten digulako gure etorkizuneko proiektuarekiko konfiantza duela. Berrikuntza eta digitalizazioa dira mugikortasun iraunkorrera aldatzeko dugun estrategiako palanka nagusiak, eta EIBren babesak proiektu horiei abiadura eta berme handiagoarekin aurre egiteko aukera emango digu".
